Zer da Kantari?

Kantari gaztetxoen artean euskarazko kantak sustatzeko ikuskizuna da. Helburua neska-mutikoek euskal kantak abesten eta dantzatzen ondo pasatzea da, hortaz, ez du inolako lehiaketa kutsurik.

Ibilbide arrakastatsua daraman egitasmoa da. Neska-mutikoek, taldeka, euskarazko kantu bat ikasi behar dute (zozketa bidez antolatzaileak emandakoa), eredu moduan erakutsitako koreografia entseatu edo berri bat prestatu, eta eszenatoki gainean jarri abesten eta dantzan, publikoa eta telebista aurrean izango dituztelarik.

Helburuak

Kantariren helburu nagusiak:

– Haur eta gazteek euskaraz ondo pasatzea

– Harreman berriak euskaraz sortzea

– Euskal kultura sustatzea, dantzak eta kantak uztartuz

– Haur eta gaztetxoei ikuskizun batean parte hartzeko aukera ematea.

– Familia transmisioan eta, horrenbestez, euskararen sozializazioan eragitea

– Bailaraz-bailarako eskola desberdinen artean harreman berriak sortzea

– Gipuzkoako eragile ezberdinen artean, euskararen baitan, elkarlana sustatzea

Xede taldeak

Bi xede talde ditu: alde batetik, hartzaile zuzenak izango diren gaztetxoak. Bestetik, gazte hauen familia eta ingurukoak egitasmoaren parte izango dira ere, gazteen ikuskizunaren prestaketa lanetan parte hartuz eta ikuskizunaren egunean publiko izanez.

Lehen xede taldeari, hots, gaztetxoenei zuzendurikoa da proiektua. Haiek izango dira protagonistak: euskarazko aisialdi ekimen batean parte hartuko dute, eta euskal kantugintzaren bueltan haien adin bereko kideekin euskarazko harremanak sustatuko dituzte.

Umeez gain, bigarren xede taldeak ere euskararen sozializazioan eginkizun garrantzitsua izango du: alde batetik, euskaldunak ez diren familiek haien senitarteko gazteen bizitzan euskarak duen balio eta garrantziaren jabe egingo dira, eta euskararekiko gertutasuna sentitzeko aukera izango dute. Bestetik, familia euskaldunek umeekin batera euskarazko ekimen bat gauzatzeko aukera izango dute, transmisioan lagunduz.

Landutako arloak

– Aisialdia euskaraz

– Familia transmisioa eta irakaskuntza

– Kulturgintza

– Euskalduntzea

– IKT-ak