Sailkatugabeak

Kantariko urduritasuna uxatzeko entseguak Aretxabaletan

Entseguak “oso eraginkorrak” izan direla azpimarratu du Amaia Txintxurreta Kantariko aurkezleak.

30-Amaia
Kantariren laugarren edizioa ate joka dago, eta zapatuan Aretxabaleta eta Eskoriatzako neska-mutilek entseguak egiteko aukera izan zuten.
Guztira 148 neska-mutil pasa ziren Arkupe kultura etxeko eszenatoki gainetik eta, Amaia Txintxurreta gidariaren arabera, “entseguak oso eraginkorrak izan dira, izan ere, talde gehienek letra eta koreografia ondo ikasita zuten eta, beraz, datorren asteko zitarako oso baliogarriak izan dira entsegu hauek”. Goiza eta arratsaldea eman zituzten Arkupen gaztetxoek eta baita gurasoek ere; euretako asko gerturatu ziren seme-alaben koreografiak ikusi eta etxeko lanak eginda zituztela ikustera.

Konfiantza hartzea

Datorren zapatuko saioaren grabazioaren ordua iristean, oholtza ezagutzea eta taula gainean eroso sentitzea izan da entseguen helburua, horrela konfiantza osoz abestu eta dantzatu dezaten; eta¬† lortu dute, Txintxurretaren esanetan: “Bete dugu helburua. Gehienak urduri etorri arren, koreografia eta eszenografiaren kontu batzuk hobetu ditugu”. Txintxurretak neska-mutilen ilusioa eta gogoa ere azpimarratu ditu; aurtengo ediziorako gogotsu daudela azaldu digu.
Talde gehienek kantuen letrak eta koreografiak ondo ikasita zituzten zapaturako, beraz. Etxeko lanak behar bezala egin ez zituzten taldeek, berriz, aste osoa dute aurretik, hobetzen jarraitzeko.

Zapatuan estreinekoa

Beraz, dagoeneko Kantari martxan da eta, entseguak ikusi ondoren, datorren zapaturako dena prest dagoela esan genezake. Urriaren 19an, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean izango da edizio honetako lehenengo saioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude